XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eman dezagun bihardila handi batean miniaturako trenbide sistema oso bat atondu dela, seinale, bidegurutze, lotune, tunel eta guzti, eta trenak alde guztietatik dabiltzala era guztietako abiadetan: dena apur bat nahas-mahasean, gazte baten barne bizitzaren irudi.

Halako gora-behera batzuengatik, trenetako bat orratzak aldatu eta zirkulu itxi batean jira eta bira ibili besterik egin ezin duen trenbide batean sartzen da.

Errebueltetan ez da deskarrilatzen, ez da gelditzen, eta abiada handiagoa hartu ere ez du egiten: bakarrik, beti aurrera eta aurrera ibiltzen da bere bide biribilean.

Bada, Paul irudi horren antzera sentitzen zen barnetik.

Ordurako ez zuen albo-bideetara aldatu nahi edo ustekabean seinale gorri edo berdeekin, tunelekin, edo ezker edo eskubirako errebueltekin aurkitu.

Gogoa zirkuluan mugitzen zitzaion, ez oztoporik, ez zalantzarik gabe.

Baina Paul horretaz jabetzen zen, eta hor zegoen koska.

Bazekien zirkulu horretatik kanpoko bizitzatik urruntzen ari zela.

Trenbide biribil hartara zeramaten orratzak gainditu zituenean, zartada batez itxi zitzaizkion atzean, eta bazirudien zirkuitu biribil horrek ezarritako mugekin pozik egonarazten zuela zartada horrek.

Arratsalde hartan, Paulek ezagutzen zituen bi pertsona ikusi zituen.

Lehena Céline zen, lehendabiziko aldiz Arima Biziak-era eraman zuen neska.

Harengana hurbildu eta berriketan egon ziren, neskak besapean bere betiko karpeta piloari eusten zion bitartean.